Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

OLINPIADAK DONOSTIAN

jokin — 2008-09-14 GTM 1 @ 18:41

Aurten Bei Jing-eko Joku olinpiko-paralinpikoak ospatzen ari dira (ederki asko telebistatik ikusten ari garenez!). Joku hauek lau urtean behin egiten dira euren inguruan zirko mediatiko bat sortuz, baina hemen, Euskal Herrian, badugu urtero aukera olinpiadak egiteko, “Arraun Olinpiadak”, estropadetan hain zuzen: Donostiako Kontxako Bandera.

Aurten, 113. edizioan, 23 traineruk parte hartu dute klasifikatorietan, Kantauri bazter guztietatik etorriak Galiaziatik Hondarribiraiño, dauden zazpi plaza horietatik bat lortzeko. Gaur jokatu da Bandera, eta Castrok irabazi du.

Baina aurten zerbait berezia eta oso garrantzitsua gertatu da: lehendabiziko aldiz emakumeek Donostiako estropadetan parte hartu dute: Emakumezkoen I. Kontxako Bandera.


Regatas 1

Bi egunetan zehar eta itsaso zakarra izanik, emakumeek arraunean zer esanik badaukatela adierazi dute. Zortzi traineru, Kataluñako bi, Galiziako bat, Kantabriako bat eta lau euskaldunak Kontxako uretan aritu dira.


Regatas 2

Bandera Galiziako trainerukoek eraman dute, baina hori ez da garrantzitsuena, baizik eta Donostiako Kontxako estropadetan, “Arraun Olinpiadetan”,  emakumezkoek bere tokia lortu dutela eta!

Regatas 3

.

EUSKAL JAIAK: LOGOA

jokin — 2008-09-09 GTM 1 @ 18:23

EuskalJaiak-logo

 

.

.

Zarauzko Euskal Jaiari buruz beste blog batean idatzi nuen.

Aurten zerbait berezia egin dute: Euskal Jaiaren logoa sortzea (kanpotarrei zuzenduta ote!) erakusle gisa.

Egia esan, logoa aurkezteko kanpaina mediatikatik at ez dut herrian inon ikusi.

Baina logoa bada! Badugu. Modernoa eta diseinuzkoa!

.

.

.

.

TRUMOIEN HOTSAK

jokin — 2008-09-06 GTM 1 @ 18:14

Getaritik nire eguneroko martxako ibilialdian nentorrela, musika entzuteko eramaten dudan mp3-ko bateria agortu denean “kauen zotz!” bat atera zait. Kaskuak kendu ditut eta, itsasertzeko harkaitzen kontra jotzen zuten olatuen soinuaren gainetik, itsasoan sortzen ari zen ekaitzaren trumoien hotsak entzun ditut.

Aldameneko errepidearen trafikoaren zaratak kenduta, aldaketarekin irabazten atera naizela uste dut: naturaren musika, itsaso eta trumoiena!


Ekaitza-1

.

FRESKUE! (1)

jokin — 2008-08-31 GTM 1 @ 18:23

HegoPoloa-1

.

IPURTARGIAK

jokin — 2008-08-30 GTM 1 @ 18:55

Luciérnagas-2

“Ezusteko anplifikatutako hitzaren hotsak ikaraldia sortuz mugiarazi egin zion. Antzinako Oroitzapenen Kudatzailea altxatu zen eta, oraindik erdi leloturik arestian hitzaren hotsarengatik, bere atzealdean zegoen artxibo itzel eta  zabalerantz abiatu zen. Ez zegoen oso argia; zertarako, oso gutxitan erabiltzen zen eta. Ezkerretara jo zituen bere pausuak Egileak bere bizitzaren zehar sortutako fitxak gordetzen ziren kajoiez betetako apalategietaruntz. Momentu hartan interesatzen zitzaion fitxa jadanik bistan zegoen behekaldeko irekitako kajoi batetik erdi aterata. Kontu handiz behatzen artean hartu zuen fitxa eta, presarik gabe, bere lanpostuko mahaira itzuli zen. Kudeatzaileak zirrikituan sartu zuen eta, Egilearen sare neuronala zeharkatuko lukeen inpultsu elektriko berri  batek deskargatzen zuen botoia sakatu zuen.”

Bitxia da. Noiz edo noiz, hitzeren batek sortarazi egiten dizkigu ahantzirik geneuzkan sentimendu, oroitzapen edo emozioak. Lehengo egunean zerbait antzekoa gertatu zitzaidan. Perez Reverte-ren “El pintor de batallas” irakurtzen ari nintzela, protagonista kontatzen zuen narrazioaren artean hitz bat agertu zen, zeinek astindu egin ninduen  era desberdinez ekinaraziz. Alde batera liburua utzirik, une hartan sortzen ari zen efektuari bueltaka hasi nintzen.

Alde batetik, nigan gertatzen ari zena idatzita azaltzeko premia sortu zitzaidan eta horrela, mikro-idazkia itzuraz emanez, goiko sarrera egin nuen.

Bestaldetik, nire barneko oroitzepenetara bultzatuta ikusi nuen nire burua. Iraganaruntz. Eta dena hitz sume batengatik: “ipurtargiak”.

Luciérnagas-1Denok ezagutzen ditugu: iluntasunean argia sortzeko ahalmena duten intsektuak. Ezagutu bai, baina, benetan ikusi? Neuk behin bakarrik neure bizitzan. Eta ez naiz kaletar hutsa.

Duela hogeitapiko urte izan zen hain zuzen ere, Zarautzera bizitzera etorri berria nintzelarik. Garai hartan nire etxe aurrean, egun auzo berri handi bat, kale zabala eta aparkalekua dauden tokian baserri pare bat eta lursail zabala zegoen, noiz baratze noiz larre bihurturik. Etxe pare-perean bazegoen ere erreka bat (aspaldian padura zegoen oroigarri) eta bere inguruko kainabera, zume eta sasien artean batzutan ikus zitezkeen animaliak: paseko hegaztiak, denboraldikoak, arrain batzuk, txitxiburduntziak, igelak (hauek ikusi baino, entzun egiten ziren), tximeletak..., eta behin, ipurtargiak.

Egia esan, ez zen behin bakarrik izan, baizik eta udako hiruzpalau gau beroetan jarraian. Ipurtargi haietako pare bat etxeko balkoian pausatu ziren ere gertu-gertutik ikusteko aukera emanez. Gero desagertu egin ziren. Ez dakit zergatik, agian euren bizi-zikloarengatik, eguraldiaren aldaketarengatik…auskalo!

Ez dut inoiz gehiago ipurtargirik ikusi.

.

ARRAUTZAK

jokin — 2008-08-23 GTM 1 @ 18:18

Auskalo zein motako oiloa zen! Are eta okerrago, zer demontre eman omen zioten elikatzeko! Baina azkenean niregana iritsi zen arrautza... berezi-berezia benetan!

Frijitzeko edo tortila egiteko izatekotan, dagoeneko erabat ahazturik egongo litzateke, baina egosia zegoenez, oskola kraskatzean arrautzaren berezitasuna ageri geratu zen: gorringoa eta zuringoa bananduta zeuden, bakoitza bere aldetik haserre egongo balira bezala; toki berean bizi izan arren euren artean konpontzen ez diren bikoteak bezalakoak (estrapolatuz, arrautze hau enbrioi umetoki-kanpokoa izango zen, ezta?).

Arrautza mutantea?, transgenikoa?, bitxikeria? Zer? Hara! Norbera bere paranoiak eta buruarekin konpon bedi!

Nire kasuan: arrautza, gerokotasunari eusteko argazki saio batetik pasa ondoren, entsalada batean bukatu zen non, nahiz eta gorringo egosia zerbait gogorrago eta arraroa egon arren, beste entsaladaren osagarriekin batera jan genuen.

Bizirik jarraitzen dugu!

Arrautzak… baserrikoak!!!


ARRAUTZA

.

SOROSLEAK BAIÑERUAK

jokin — 2008-08-22 GTM 1 @ 17:37

   Zarauzko hondartzan zerbitzurik garrantzitsuenetariko bat – garrantzitsuena ez ba da- Itsasoko Gurutze Gorriak ematen du.

   Egunero itsasoa nola dagoen eta non bainatu daitekeen adierazteko koloretako banderak jartzen diztuzte bainatzen direnak babesteko, eta batzutan istripuz edota bandereei eta sorosleei kasu ez egiteagatik larri ibili dena uretatik atera behar izan dute. Hondartza erabiltzeagatik sortzen diren ezbeharrak eta zauriak sendatzen dituzte ere bai (erredurak, ebakiak, bihurdurak, intsolazioak...) Aurten berezirik lan gehiago eman diete uztailaren erdialdean agertutako marmoken ziztadek.

   Gauza guzti hauek denok ederki ondo dakizkigu, baina sorosle zarauztarrek askoz ezezaguna den beste lan bat egiten dute: baiñeruarenak. Aulki egokituak erabiliz bainatu nahi diren pertsona elbarriak edo ezinduak itsasora laguntzen dituzte. Beheko argazkian Zarauzko Itsasoko Gurutze Gorriak bainatzeko duen parke mobila ikus daiteke.


Socorristas

 .

UDAKO ENTSALADAK

jokin — 2008-08-17 GTM 1 @ 17:09

Orain, udaran, eguzkia eta beroa direla eta, bazkaltzeko zer, bada... entsaladak! Garaiko klimatologia gorriari aurre egiteko hoberena.

Barazkiak primeran daudela eta, aprobetxa ditzagun hamaika entsalada mota egiteko.

Gozo-gozoa zegoen adibide bat uzten dut hemen.

Entsalada

.

.

EL CONSORCIO

jokin — 2008-08-13 GTM 1 @ 17:25

Esaten dut 1.975an Donostiako Belodromoan, “The lamb lies down on Broadway” aurkezteko GENESIS-ek emandako kontzertua nire lehen kontzertu zuzenean izan zela. Baina gaur, Zarauzko Birjinaren festak direla eta, EL CONSORCIO iragartzen duen kartela ikusteak gogorarazi egin dit ez dela erabat egia esaten dudana, zeren ikusi nuen lehen kantaldia zuzenean (ez dut uste kontzertua deitzerik dagoenik) Irungo diskoteka batean Mocedades-ena izan zen.

Gaur, 35 urte pasa ondoren, talde mitiko hartatik bizirik jarraitzen dutenak EL CONSORCIO izenarekin herriko Munoa plazan ikusteko aukera dugu. Nola pasatzen den denbora!

El_Consorcio

 

.

ETXEKO LANDAREAK

jokin — 2008-08-11 GTM 1 @ 17:18

Denboraldi batean etxeko landareak zaintzeari ekin nion. Liburu batzuk erosi nituen nola zaintzen eta ugaltzen jakiteko, ongarriak eta erremintak lortu gero ondo zaintzeko eta azkenean kolore, hosto, loraketa eta altuera desberdinetako landare batzuk izan nituen etxean.

Baina post honetan ez dut nahi nire lorazainaren gorabeherak kontatu, baizik eta orokorrean izaten dugun etxeko landarearen ideiaz aritzea: normalean neurri txikietako landareetan pentsatzen da, lorepoteetan, ureztailua, balkoia…, baina inoiz ez dugu lotuko gure ideia hori beheko argazkian agertzen den landare horrekin. Berez, etxeko landarea da zeren Lanzaroteko Playa Blanca-ko Hotel Natura Palace-ko barneko patio estalita batean baitago, nahiz eta 20 m-ko altuera eduki, laugarren solairuraiño iritsi eta bere hostoak (txortena kontatu gabe) 2,5 m-koak izan.

Harrigarria eta izugarria benetan! Eta, bistan denez, osasuntsu gainera.


Planta-interior
.

.