Txaloak, txalo bero bat AMARAL-entzat. Merezi dute eta.
Bere “Gato negro, dragón rojo” diska berriaren aurkezpen-jirarekin dabiltza, eta aste honetan Donostian, bi egunetan, egon dira: Kursaaleko aretoa bete-betea eta sarrerak agorturik duela bi hilabete geroztik, edo gehiago.
Ikuskizun harrigarria benetan: musika eta abestiak oso onak eta eszenografia paregabekoa (“mega-artista”ren batek baino gehiagok nahiago luke berarentzat), eta ikuslekiko Evak duen hurbiltasun kutunarekin. Benetan kontzertu aipagarria!
Ea bada, esandakoa, ikuskizun apartekoa (eta heavy batek esaten badu..., nolakoa izango ote da!). Beraz, ikusteko aukera izanez gero, ez galdu!
Gure kaleetan dauden eskulturek eraso asko jasan behar dute. Bertako eguraldiaren eraginak (euriak, izotza, haizeak, eguzkia...), eta nabariago den kutsadurarena alde batera utzirik, batez ere izaki bizidunen ekintzak nozitu behar dituzte, batzuk oharkabeak (animalienak: hegaztien zirinak, txakurren pixak...) eta besteak nahita eginak –gizakienak- (pintaketak, errotulazioak, kartel itsatsiak, marradurak...). Gainera eskultura egiteko erabili den materiala “biguna” bada -egurra edota burdinaren kasuan-, denboraren poderioz, eskulturaren jatorrizko oroipen bat besterik ez edukitzea gerta daiteke.
Zerbait antzekoa gertatu da Zarautzen dagoen Jose Antonio Legorbururen“Izenburu gabe” eskulturarekin. Jatorriz, margotutako burdinezko bost tutuz osatuta zegoen, eta denborarekin herdoiltzen joan zen penagarri geratu arte. Zorionez, aurten udaletxekoek animatu dira eta eraberritu dute: tutu zaharrak kendu eta altzairu herdoiltezinezkoak ipini (gehiago iraun dezaten edo) eta dirmargotu dituzte Andu Lertxundiren testu berriak erabiliz.
Beraz, Legorbururen eskulturak lifting-ez bilakaera artistikoa izan duela esan daiteke.
Behin, beste blog batean, jadanik ile zuria daukagun musika zaleontzat rock kontzertuak zuzenean ikusi nahi badugu, aukera pare bat besterik ez zaizkigula geratzen komentatu nuen: “in situ” zuzenekoen eragozpenak jasan beharra edo DVD-n egindako grabazioekin konformatzea.
Larunbatean hirugarren bide bat aurkitu nuen: zinea. U2-ren “Vertigo” jirako filma 3D-n.
Madrilen eta Bartzelonan 3D-n filma dokumentalak ikusita neuzkan eta harrigarria iruditu zitzaidan, baina hiru dimentsiotako irudi-teknologi berriak kontzertuetara aplikaturik aintzakotzat hartzekoa da. Emaitzak oso oso onak dira, itzelak. Ekintzaren aparteko perzepzio eta ikuspuntua ematen dizkizu. Kontzertuko eszenatokian eta bertako aretoan egotea bezalakoa da, edo ia-ia; mugi zaitezke musikarien ondotik edota ikusleen artean egon. Batzutan, Bonok eskuekin ukituko zaituela dirudi. Bakarrik kontzertu zuzenean dauden usainak falta dira (denborarekin uste dut gehitzea lortuko dutela; dena den, ondo pentsatuta, ez dira oso beharrezkoak: keak, izerdiak, tabakoa...).
Eta soinua…zer esan! Quadrafonikoa, sensorrounda, inguratzailea eta totala. Ona. Oso ona.
Gaur egun, etxerako ezin dela komertzializatzea 3D pelikulen arazoa da irudikagailu egokirik ez dagoelako. Pena!
Zoritxarrez Gipuzkoan ez daude 3D-ko zine aretoak Imax, Yelmo eta bezelakoak, eta Barakaldoraino (200 km. inguru) joan behar izan nuen filma ikustera, bestela “U2 3D” berriro ere gustora ikusiko nuke.
Gaztelaniaz oso ezaguna den esaera zahar bat badago: “ikusminak katua hil zuen” (“la curiosidad mató al gato”). Beste bertsio batzuk ere badaude aditza aldatuta (jan, akatu,...) baina denok bere esanahia badakigu. Gaur, ordea, nondik dator, bere jatorrizko sorrera jakin izan dut.
Eguneroko ibilaldian nioala, katakume batekin topatu naiz. Ez naiz animaliekin aditua, baina, askoz jota,egun bat besterik –ez baziren ordu batzuk- ez zeukan katutxoak. Ttiki-ttikia, beltza, balantzaka, ibilera traketsarekin, bere begi berde eta diztiratsuekin neri begira bazter bateankikildu da sumatu nauenean. Orduan, esaera zaharra burura etorri zait katakumetxoaren etorkizun beltza ikusirik, katemea berarekin eramateko eta esnea emateko ez agertzekotan.
Atzera begiratu gabe, neure musika, hausnarketa eta kezkekin jarraitu dut. Zorte on, katutxo! Ikusmina eskarmentu bihur dadin eta berarekin bizi ahal zaitezken!
Herri askotan eta hiri guztietan iturri publikoak badaude. Baina ez tutu batetik kokotxatik uraz blai iturri edatekoak, ez, “apaintzekoak” baizik. Txorrotada luze eta lodi horietakoak; forma eta irudi desberdinak egiten dituztenekoak; gauez kolorez argitutakoak; oso ospetsuak La Cibeles edo Fontana di Trevi bezelakoak, edo zeharo ezezagunak etorbide edo kaleetan; oso handiak Aranjuez-eko bezalakoak edo nimiñoak Manneken Pis bezelakoak. Iturri publikoak hain zuzen.
Hemen, Zarautzen, ez daude. Behin, Udal-ekimenez, herriko erdialdeko parke batean bi jarri ziren. Gutxi iraundu zuten. Mantenimenduaren kostu handiarengatik edota jendeak ez zaintzeagatik hilabete gutxi barru iturriek bere urak galdu zituzten. Horrela, erdi abandonaturik, denboraldi batez egon ziren egun batean birmoldaturik agertu ziren arte: iturriak lorategi bihurtuta. Ura zegoen tokian lurra eta landareak. Berdegune berriak birmoldaketaren poderioz.
Joan zen asteburuan Mugikortasun Astean barne, Zarautzen X. Txirrindulari Txikien Eguna ospatu zen.
Zirkuitu berezi bat prestatzen da, eta 14 urte arteko neska-mutilek txirrindulari martxa arautu batean parte hartzen dute. Kamisetak banatzen dira (aurten laranjak) eta amaitu ondoren txokolatada dago eta bi muntain-bike-ko zozketa egiten da.
Parte hartzeko baldintza bakarra (bizikletaz ibiltzearena kontatu gabe, noski!) kaskoa erabiltzea da, bai umeentzat, bai umeei laguntzen dieten helduentzat. Txirrindulari kaskoa, besterik ez! Hor dago gakoa/kaskoa!
Zarautzen bizikleta asko erabiltzen da. Adin guztietatko jendea ikusten da bizikletaz daukagun bidegorri sare zabala aprobetxetuz (eta non-nahi ere!), eta arraroa da bizpahiru bizikleta ez dituen etxea. Baina badirudi txirrindulari kaskoa gorbata bezelakoa dela: armairuan daukagu baina egun berezi bakar batzuetan erabiltzen da. Urtean zehar ez da ia-ia kaskoren usaina ere somatzen gure kaleetan.
Horregatik uste dut hemendik aurrera “Txirrindulari Txikien Eguna”-ri izena aldatu beharko zaiola, eta “Txirrindulari Kaskoen Eguna” jarri, zeren justu hori, zehatz mehatz, irautzen baitu bere erabilera: egun bat.
Denbora luzea zain egon dira Metallica-zaleak (ni barne euren artean ) bere lan berria “Death Magnetic” argia ikusi arte, baina hemen dugu; gainera oso ona omen da irakurritakoaren arabera. Oraingoz, estreinaldiko bideoklipa “The Day That Never Comes” hemen dago.
Bihar udazkena da; badugu datozen arratsalde haizetsu eta euritsuak animatzeko musika berria.