Interneteko Blogen munduan hasi nintzenetik oraintxe, ekainean, hiru urte bete ditut, erderazko blog batekin (jokin-ikt); euskeraz hastea gehiago kostatu zitzaidan baina hemen nago, eta laister lehenbiziko urtea beteko dut.
Badakit blog honetan jende gutxi sartzen dela irakurtzera baina...bost! jarraituko dut.
Joan zen igandean, lehenengo aldiz Neil Young-ek Donostian kontzertua eman zuen. Eta hara joan nintzen, noski!, maisua ikus eta entzutera. Eta horrela portatu zen, maisu bat bezala, rock kitarrararen bakarrekoak menperatuz eta bere erritmo eta indarrari eutsiz.
Gainera, bere betiko abestiei errepaso bat eman zien. Entzutea espero ez nuen “Cortez the killer” abestia jo zuen ere, aspaldiko garaiak gogoraraziz, non “Zuma” (abestia jasotzen duen diska) zentsuratuta egon baitzen Hernan Cortés konkistatzailearihiltzaile deitzeagatik, eta Hendaiatik eskupean ekarri behar izan nuena.
Labur esanda: gozamen bat, ni bezelako rock zale batentzat baita Anoetako Belodromoa bete zuten 7.000 baino gehiagoentzat ere!
Nork ez du ezagutzen Done Jakue Bidea? Hala ere, orokorrean, jendeak ez daki bide bat baino gehiago dagoela. Eta horietako bat, “Kostaldeko bidea” hain zuzen ere, hemendik, Zarautzetik pasatzen da.
Ohituraz ez da izan gehien erabiltzen direnetarikoa, baina azken bolada honetan gero eta erromes gehiagok erabiltzen duela baieztatu izan dut. Nire eguneroko Zarautz eta Getaria arteko ibilaldietan euren maskorrak motxilatik zintzilik maiz ikusten ditut, batez ere orain eguraldia onera egin duenean.
Behin baino gehiagoetan nire buruari galdetu egin diot zer izango ote den holako bidaia hastera bultzatzen duena: sinesmen erlijiokoak, hausnarketa pertsonala, barneko bilaketa, norberarekiko ereflexioa, bidaia alternatiboa, hastapenen bat... Bidea egin dutenek bi hitzetan laburtzen dute: “esperientzia bat”.
Ez dakit, baina Done Jakue bideak zerbait dauka, zeren mende askoren zehar mantentzearen gain egun goraldian baitago.
Post honetan dagoen argazkia ikusterakoan agian “Argazki ederra!” esan daiteke. Baina, gaur, ez ditut argazkiaren itxura grafikoa, konposaketa, enkoadrea, argia, eta abarrekoak komentatu nahi, Natura norainoko harrigarria izan daitekeen baizik.
Azaletik, itsasoak egiten duen bere eginkizunen bat dirudi: lehorretik, auskalo noiz eta nondik iritsitako zerbait hondartzara bota.
Baina zehatz-mehatz begiratzen badiogu hondarretan dagoen kresalak erretako sustrai gabeko enborrari, hosto berde berriak ernetzen ari zaizkiola ikus dezakegu!
Nire eguneroko ibilaldietan argazkiak “galtzeaz” aspertuta nengoen; edozein tokitan eta momentutan sortzen diren horietako argazkiak. Horregatik, ibiltzera joaten naizenean beti gainean argazki kamara eramatea erabaki dut. Eta emaitza batzuk lortzen hasi naiz. Adibide pare bat:
Maiatzaren 13 eta 14an, Getxon ospatu diren “Hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna, metodologiak eta IKT”-ko GetxolinguaeJardunaldietan parte hartu dut; bertan blogak ia-ia ardatz nagusia izan dira.
Emandakoa hitzaldiak (oso onak, batez ere Felipe Zayas eta Antonio Solano-enak) eta blog eta komunikazioei buruzko hausnarketek balio izan zaizkit nire motxila interneteroa gehiago betetzeko eta nire eskolarako lanetan eragina izateko.
A!, eta probatu behar dudan aurkikuntzaren bat,glogakesaterako. .
Jotzen ikasteko ikastaro txiki bat egin nuenetik dozena bat urte, gutxienez, pasa dira txalaparta jo gabe. Urte guzti hauetan ezin izan dut inor animatu nire bikotea izaten. Badakit txalapartarena ez dela gauza erreza: ez da oso “erosoa” mugitzeko edo eramateko, ez dago dendetan komertzializatuta artisau lana baizik, jotzeko derrigorrez bi pertsona behar dira... baina betidanik gustokoa izan dut.
Eta orain, txiripaz, eskolako musika irakasleak ikasleekin egin duen euskal herriko musika tresnei buruzko aste musikala dela medio, lankide bati gogoa sortu zaio eta nirekin jotzera animatu da.
Ekaina arte behintzat –txalaparta eramango dute- elkarrekin joko dugu. Gero... gerokoa. Bitartean, txalapartaz gozatzera!
Etxean siniskeri/uste/superstizio/… (ez dakit zein hitza erabili zehatz mehatz definitzeko) bat dugu; horren arabera etxera eulimando bat sartzeak egun berean berri bat jasoko dugula adierazten du. Ona, txarra, garrantzizkoa... berdin du: berri bat jasotzen da.
Berritzat edozein gauza jo daitekeenez, eulimandoak beti bere iragarlearen papera betetzen du. Atzo arratsaldean niretzako oso ona den berri batena, hain zuzen ere, zeren zeozer beranduago alaba etorri baitzitzaidan Bilbon Rammstein-en (nire gustoko musika talde bat) kontzertua azaroan izango dela esanez.
Itsasoak, ahal duen neurrian, botatzen diogun zabor guztia bueltatzen digu. Baina, batzutan, itzulitakoaren artean sorpresak topatzen ditugu; argazkietan ikus daitekeen bezala.
Jatorriz naturala zena, itsasoaren lana dela medio eraldatuta, kutsu artistiko batekin iritsi zaigu. Eta horrela pentsatu omen dute herriko surfer-ek, zeren mareak hondartzaraino ekarritako zuhaitzetako enbor eta sustrai batzuk berreskuratu baitituzte eta Zarauzko Malekoiko jardinera batean eskultura gisa ipini dituzte.
Egia esan, neri bi “eskultura” horiek Giger ilustratzailearen lana (Alien-en ikonografiaren sortzailea) gogorarazten didate; ziur berak eragozpenik gabe sinatuko lituzkeen!
Ea, egunen batean, holakoren bat (bainan txikia, noski!) neuk ere aurkitzen dudan etxera eramateko!