Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

INTERNET ETA ESKOLA ZARAUTZEN

jokin — 2009-11-01 GTM 1 @ 19:06

Liatu ninduten – edo ni liatzen utzi nien- eta azkenengo hamar egunetan hemen, Zarautzen lau egunean zehar, Internet eta Eskola gaiari buruzko proiektuaren zati batean sartuta ibili naiz. Lehen Hezkuntzan aurtengo ikasturtean bosgarren mailan ezarriko den gela digitalaren aurkezpenean partu hartu dut hain zuzen ere.


Horrek nire denbora libre guztia (libre!, je, je!) eraman dit eta ezin izan dut ezer prestatu blogerako, beraz post honetan esteka pare bat besterik ez dut jarriko: Jardueretan egin den guztia jasotzen duen web orriarena eta hemendik pasatutako ikasleekin egin ditugun jardueren blogarena.


ieskola


blog ieskola

H.R. GIGER

jokin — 2009-10-23 GTM 1 @ 21:35


HR GIGER Li

Aste honetan, gogokoan dudan artista baten obrak zuzenean ikusteko aukera izan dut: H.R.Giger.
Donostiako Kursaaleko Kubo erakusketa aretoan Giger-en lanen 60. hamarkadatik gaur egun arteko atzera begirakoa dago.
Paradixokoa dirudi arren, artista grafiko hau musikaren bitartez ezagutu nuen, Emerson, Lake & Palmer, rock sinfonikoko talde baten diskarako azala egin baitzuen; handik aurrera bere lanari jarraitu egin diot.
ELP 1
Orokorrean, jendeak zinerako egin zuen lana baten batengatik ezagutzen du, “Alien, zortzigarren bidaiaria” Ridley Scott-en pelikulako kreatura-munstroarengatik hain zuzen ere.


H.R. Giger gainera biomekanika-ren sortzailea da: bizi-ehunak, hezurrrak eta metalak sinbiosean fusionatzen ditu eta, aerografoa erabiliz (maisua da bere erabileran), liluragarriak diren izaki eta mundu fantastikoak sortzen ditu.


Erakusketa Erregeen egunerarte egongo denez, ziur beste behin edo gehiago pasatuko naizela handikan; luxua da Giger-en obrak ikustea, argazki eta liburuetan galtzen diren tono, kolore eta xehetasuak bertan ikusiz.

alien

HEZITZEN

jokin — 2009-10-18 GTM 1 @ 18:19

Miguel, bostpasei urte. Gabriela, bi urte t’erdi. Aita, hogeitamagutxi urte. Tokia, merkataritza zentroko taberna-kafetegia.

Aita, Miguel eskutik eta Gabriela besoetan, tabernako makina txanpojalera hurbiltzen da, txanpon bat sartu eta jokatzen hasten da.

“Emaiok, Miguel!”, eta haurrak tekla sakatzen du. Zorte txarra, ez dago saririk.

Aita besoetan daraman neskatxoa makinara heltzeko makurtu egiten da. “Emaion, Gabriela!”, eta neskatilak hurrengo jokaldirako tekla sakatzen du.

“Emaiok, Miguel!”, eta mutilak berriro sakatzen du. Saririk gabe jarraitzen dute. Berriro makurtuz, “Emaion, Gabriela!”. Txanponjaleak tinko jarraitzen du. “Emaiok, Miguel!”, hurrengo jokaldia. “Itxoin, Miguel!”, makinaren argiak keinuka hasten dira bonusak, abanzeak edo auskalo zertan. “Emaiok, Miguel!”. Txanpon bat erori egin da sari-kutxatxora. Hurrengoa, “Emaion, Gabriela!”, “Emaiok, Miguel!”, “Emaiok, Miguel!, “Emaion, Gabriela!”...

Eta horrela behin eta berriz txanponaren kreditoa agortu arte. Beste txanpon berri bat bota eta jokatzera zikloa errepikatuz. Bost minutu pasa dira, eta bitartean dozena bat baino gehiago aldiz haurrak makinan apostatzen, jokatzen, tekla sakatzen egon dira. Familiaren irudi polita!

Gero kexatuko gara: gazteak eta alkohola, tabakoa, indarkeriak, ludopatiak... Haurrek ikusten dutena ikasten dute, baina hobeto ikasten dute irakasten bazaie.

“Emaiok, Miguel!, “Emaion, Gabriela!



tragaperras

.

USAINAK ETA HIZTEGIA

jokin — 2009-10-11 GTM 1 @ 19:28

Gure buruan aspaldian gordeta zeuden uneak berpiztuz, antzinako oroitzapenak gordetzen dituen kutxako tapa ireki dezaketeen usainak badaude.

Nire kasuan, usainik oroitarazleetarikoenen bat galipotarena da. Nire herrira, Errenderira, 60garren hamarkadaren hasierara eramaten nau. Garai hartan errepideetako asfaltatze lanak guretzako, ume mukizuentzako, izugarriak eta harrigarriak ziren. Usainak, soinuak, irudiak... dena berria zen eta gainera zerbait berezia esperimentatzeko (ai!, zenbat zapatila eta arropa beltzez zikinduta; zenbat amaren errietak!)

Gainera gure haur-hiztegian eragina zuten: “jenerala” hitza N-1 Madrid-Irún errepidea adierazteko, edota  gure inguruneko hizkuntza desberdinen nahasketa bat egina (erdera-euskera-frantsesa) “galipot”  edo “zanpakaminoak”  hitzek erabilera anitza zeukaten gure artean.

Gaur egun ere, noizbait, turista despistatu batek ondartzaz edo Arguiñanoz galdetzen didanean, “jenerala” hitza ateratzen zait Zarautzetik pasa den N-634 errepide nagusia adierazteko.

A, eta Zarautzen egun, lorategi batean, apainketa moduan, “zanpakaminos” bat dadugu. Beitu argazkia!

 

Zampacaminos

.

.

GOZAMENAK 2.0

jokin — 2009-10-04 GTM 1 @ 18:44

Internet 2.0 kontzeptupean dagoen filosofiaz Sarean parte hartzen dugun asko gara, hots, Internetek eskeintzen dituen baliabide guztiak erabiltzea inguru partehartzaile eta kolaboratzaile baterantz zuzenduta.

Sareko onurak eta abantailak soilik erabiltzen dutenen gain, badago beste erabiltzaile talde bat: “edukin sortzaileak” deritzonak; hauek euren blog, fotolog, wiki, eta abarren bitartez Sarean ekarpen berriak  sortzen dituzte. Neuk azken horien artean nire burua jotzen dut.

Batzutan, gure “lan sortzaileak” iruzkinetan, esteketan, aipamenetan... direla medio haintzat hartzen dira eta poz handiz hartzen dugu (nik behintzat!)

Adibidea: Nire fotologeko eskulturei buruzko Flickr-en neuzkan argazkiak Zarauzko web orri berri batean erabilita ikustea.

Web orria nolakoa den, edota argazkiak non dauden, edo zehaztasun gehiago ematea baino, hobe da web orrian sartzea eta nabigatzea.

Gainera datorren asteburuan hiru egun jai izanik, agian norbait animatzen da, eta zer aurki dezakeen ikusita, hona dator gu bisitatzera.

Web-eko helbidea eta kaptura estekarekin behean daude.

 



GureZarautz eusk

 

http://www.gurezarautz.net/kultura_eta_natura

.

AZKENENGO SAN JUANEKO UDARETXOAK

jokin — 2009-09-27 GTM 1 @ 19:02



Peritas 1

Argazkian ateratzen diren udaretxoekin konformatu egin beharko gara, zeren Zarautz inguruan zegoen basa-udareondo bakarra suntsitu egin baitute.

Hori bai delitua!, eta gainera Iñurritzako biotopo naturalean kokaturik zegoela kontutan izanik; are gehiago: kendu dute Diputazioak eta Udaletxeak bultzatzen duten “diseinuzko biotopo berria – zeharo artifizala- eraikitzeko egiten ari diren obrengatik.

Ziur aski udareondoaren ordez proiektatutako diseinuari doakion “bertako landaretza” landatuko dute, biotopo berriarekin desegokia ez den zeozer.

Peritas 2Hori bai, kanaberadirik ez dute ipiniko, ez, (ba al dago kainaberak baino zerbait jatorrizkoago padura batean?), daudenak behin eta berriro mozten aritu izan direlako (kainaberak begitan hartu dituen norbait dagoela dirudi).

Dena den udareondoa betirako galdu dugu.

Nire oroimenean geratuko da, baita ekainean atera nituen argazki gutxi batzuekin ere, justu geroago suertatu diren Iñurritzako azkenengo San Juaneko udaretxoak.

 

.

SWANSEA

jokin — 2009-09-20 GTM 1 @ 19:04

“- Nora? Suansi-ra; non dago hori?

  - Swansea, aita, Gales-en, Inglaterran.

- A!, Inglaterran...”

Hauxe izango zen –gutxi gorabehera- Swansea izena entzun nuen lehendabiziko aldiaren hitzez hitzezko transkripzioa. Eta bere atzetik zekarrena: ERASMUS programa, ingeleseko unibertsitate bat eta egonaldi luzea atzerrian. Dena den alaba prest zegoen guztietarako.

Nola aldatzen diren garaiak!

Geure ikasketa aroan atzerriko unibertsitate batera bidaiatzea guretzako pentsaezina zen; dirua zuten gutxi batzuk besterik ez ziren joaten (jauntxuen seme-alabak). Gaur egun, ordea, edozein gaztek -berdin du bere jatorri ekonomikoa- eskura du holakoa egitea. Beka gehiago dago (gure kasuan Eusko Jaurlaritza eta KUTXArena lortu ditugu, 1.500 € inguru guztira, ez da asko, baina tira!); horrez gain, gerrikoa estutuz (emazteak dio produku zurien erregina izendatuko dutela) eta krisia baina lehenagoko aurrezki txiki batzuk direla medio lagundurik, gure alaba Ilargi ERASMUSen, Swansea-ko Unibertsitatean matrikulatuta dago.



Swansea University

 

Universidad de Swansea, Inglaterra

.

BAINU-MAKULUAK

jokin — 2009-09-12 GTM 1 @ 18:45

Hondartzako denboraldiaren amaiera hurbiltzen ari da. Horrek hondarrretatik toldoak, aulkiak, etzaulki eta abarren bilketa dakarkigu, baina baita Gurutze Gorriak egiten dituen jarduerenena ere.

Bainulariekiko dituen betiko sorospen eta prebentzioaren lanaren gain, Zarauzko Gurutze Gorriak gizarte funtzio bat betetzen du: elbarriak edo ezinduak diren pertsonak bainatzen ahalbideratzea.

 Joan zen urtean blogean komentatzen nuen zeintzuk ziren erabiltzen dituzten tresna bereziak (ikusi “Sorosleak baiñeruak”) baina aurten berrikuntza bat izan dute: bainu-makuluak.

Gustora ibili dira mugitzeko arazoak dituzten asko eta asko; benetan arrakastatsua izan da euren erabilera.

Ederki Gurutze Gorriko berrikuntzak!


Muletas playa

.

ENBATA

jokin — 2009-08-31 GTM 1 @ 19:37



Azules de Zarautz

Enbata, egun sargoritsuetan sor daitezkeen haize boladak edota itsas olatuak handiaraziz iparraldetik datorren haize gogorra eta bortitzaren dela denok dakigu.

Baina “Enbata” horren gain ACT ligan parte hartzen duen Zarauzko traineruaren izena da, bere kolorea urdina, urdin iluna, izanik.

Ostegunean Donostiako Kontxako estropadetarako sailkapenekoan parte hartuko du beste Kantauriko 23 traineruekin batera, denak dauden zazpi plazen bila.

Aurten zaila daukagu, baina...

Gora Enbata!



Enbata

.

ARGAZKI DIGITALA

jokin — 2009-08-22 GTM 1 @ 18:37

Aste honetan Internetetik nabigazioa alde batera pixka bat utzita, nire portatilerako beta argazki digitalarekin erabili izan dut, batez ere Photoshop eta antzeko argazkien tratamendu eta erretokeko programekin.

Batzuk frogatuta neuzkan eta nola dabiltzan gutxi gorabehera banekien, baina oraingoan euren funtzioetan zerbait gehiago sartuta beraiekin zer egin daitekeen baieztatu izan dut: denetatik, egin daiteke denetatik!

Argazkizale huts bat, neu bezelakoa, beheko argazki-muntaia egiteko gai bada, ez dut pentsatu nahi argazkilari profesionalek programa potenteekin egin dezaketeena (eta egiten dutena).

Alabak ere bere argazkietatik aurpegiko granotxoak kentzen baditu ere, telebista eta aldizkarietako berrogeita hamar urtetik gorako sasi-ospetsuak horiek Photoshopetik pasa ondoren, lehen Jaunartzearen bezperan daudela iruditzeak ez nau batere harritzen.

Ai, denon eskura dagoen teknika digitala..!

A, nire fotoblog berria aurkezteko aprobetxatuko dut; bertan, argazki “normal” asko badaude baita nire argazki-muntaientzako txoko txiki bat ere.

http://jokin.mifotoblog.com/


vela-flor

.