Txaloak, txalo bero bat AMARAL-entzat. Merezi dute eta.
Bere “Gato negro, dragón rojo” diska berriaren aurkezpen-jirarekin dabiltza, eta aste honetan Donostian, bi egunetan, egon dira: Kursaaleko aretoa bete-betea eta sarrerak agorturik duela bi hilabete geroztik, edo gehiago.
Ikuskizun harrigarria benetan: musika eta abestiak oso onak eta eszenografia paregabekoa (“mega-artista”ren batek baino gehiagok nahiago luke berarentzat), eta ikuslekiko Evak duen hurbiltasun kutunarekin. Benetan kontzertu aipagarria!
Ea bada, esandakoa, ikuskizun apartekoa (eta heavy batek esaten badu..., nolakoa izango ote da!). Beraz, ikusteko aukera izanez gero, ez galdu!
Behin, beste blog batean, jadanik ile zuria daukagun musika zaleontzat rock kontzertuak zuzenean ikusi nahi badugu, aukera pare bat besterik ez zaizkigula geratzen komentatu nuen: “in situ” zuzenekoen eragozpenak jasan beharra edo DVD-n egindako grabazioekin konformatzea.
Larunbatean hirugarren bide bat aurkitu nuen: zinea. U2-ren “Vertigo” jirako filma 3D-n.
Madrilen eta Bartzelonan 3D-n filma dokumentalak ikusita neuzkan eta harrigarria iruditu zitzaidan, baina hiru dimentsiotako irudi-teknologi berriak kontzertuetara aplikaturik aintzakotzat hartzekoa da. Emaitzak oso oso onak dira, itzelak. Ekintzaren aparteko perzepzio eta ikuspuntua ematen dizkizu. Kontzertuko eszenatokian eta bertako aretoan egotea bezalakoa da, edo ia-ia; mugi zaitezke musikarien ondotik edota ikusleen artean egon. Batzutan, Bonok eskuekin ukituko zaituela dirudi. Bakarrik kontzertu zuzenean dauden usainak falta dira (denborarekin uste dut gehitzea lortuko dutela; dena den, ondo pentsatuta, ez dira oso beharrezkoak: keak, izerdiak, tabakoa...).
Eta soinua…zer esan! Quadrafonikoa, sensorrounda, inguratzailea eta totala. Ona. Oso ona.
Gaur egun, etxerako ezin dela komertzializatzea 3D pelikulen arazoa da irudikagailu egokirik ez dagoelako. Pena!
Zoritxarrez Gipuzkoan ez daude 3D-ko zine aretoak Imax, Yelmo eta bezelakoak, eta Barakaldoraino (200 km. inguru) joan behar izan nuen filma ikustera, bestela “U2 3D” berriro ere gustora ikusiko nuke.
Denbora luzea zain egon dira Metallica-zaleak (ni barne euren artean ) bere lan berria “Death Magnetic” argia ikusi arte, baina hemen dugu; gainera oso ona omen da irakurritakoaren arabera. Oraingoz, estreinaldiko bideoklipa “The Day That Never Comes” hemen dago.
Bihar udazkena da; badugu datozen arratsalde haizetsu eta euritsuak animatzeko musika berria.