Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Kategoria: Bitxikeriak

TXALUPAK ETA LORATEGIAK

jokin 20/06/2009 @ 18:21

Udaletxeko Parke eta Lorategi zerbitzuaren arduradunaren bati txalupak apaingarri gisa lorategietan oso ondo geratzen direla esan omen zioten. Ideia gustatu zitzaion eta ekiteari eman zion.

Baina ez omen zioten ondo azaldu kokatzeko garaian txalupa eta lorategiaren arteko proportzioarena; hori edo nahastu egin zituen lorategi-loreontzi kontzeptuak.

Emaitza, argazkiarena: txalupa itzela loreontzi batean ala loreontzi nimiñoa txalupa batekin. Proportzio arazoak!

 



txalupa jardinera

.

NATURAREN INDARRA

jokin 23/05/2009 @ 19:53

Tronco en la arena

 

Post honetan dagoen argazkia ikusterakoan agian “Argazki ederra!” esan daiteke. Baina, gaur, ez ditut argazkiaren itxura grafikoa, konposaketa, enkoadrea, argia, eta abarrekoak komentatu nahi, Natura norainoko harrigarria izan daitekeen baizik.

Azaletik, itsasoak egiten duen bere eginkizunen bat dirudi: lehorretik, auskalo noiz eta nondik iritsitako zerbait hondartzara bota.

Baina zehatz-mehatz begiratzen badiogu hondarretan dagoen kresalak erretako sustrai gabeko enborrari, hosto berde berriak ernetzen ari zaizkiola ikus dezakegu!

detalle de Tronco en la arena

Udaberria?, biziraupenaren grina?, biziaren energia? Naturaren indarra!

Hori ikusterakoan nigana Antonio Machado poetaren bertsoak burura etorri zitzaizkidan:

 

Al olmo viejo hendido por el rayo

y en su mitad podrido,

con las lluvias de abril y el sol de mayo,

algunas hojas verdes le han salido.


Eta Joan Manuel Serrat-ek kantua ixilean abesten Malekoitik joan nintzen.

 



 

.

EULIMANDOA

jokin 07/05/2009 @ 16:46

 

moscardon

 

Etxean siniskeri/uste/superstizio/… (ez dakit zein hitza erabili zehatz mehatz definitzeko) bat dugu; horren arabera etxera eulimando bat sartzeak egun berean berri bat jasoko dugula adierazten du. Ona, txarra, garrantzizkoa... berdin du: berri bat jasotzen da.

Berritzat edozein gauza jo daitekeenez, eulimandoak beti bere iragarlearen papera betetzen du. Atzo arratsaldean niretzako oso ona den berri batena, hain zuzen ere, zeren zeozer beranduago alaba etorri baitzitzaidan Bilbon Rammstein-en (nire gustoko musika talde bat) kontzertua azaroan izango dela esanez.

Gora eulimandoa!

Logo-Rammstein-eusk

TENERIFEKO "LOS RODEOS" AIREPORTUA

jokin 26/04/2009 @ 19:35

Aste Santuko oporrak aprobetxatuz egun batzuk pasatzera Tenerifera joan gara eta, artaka, Puerto de la Cruz-en dauzkagun lagun batzuk bisitatzera. Azkenengo honetan, eman den aldaketa klimatologikoa da gehien arritu gaituena: tenperaturak epelak mantentzen dira (agian zertxobait freskoagoak) baina hegoaldean, ohiko eguzkiaren tokia, eguraldi lainotsuarekin topatu gara eta iparraldean ordea sekulan baina eguzkitsua. Planetako klima aldakorra!

Bada, gure lagun txitxarreroekin komentatzen nola iritsi ginen “Los Rodeos”-era sirimiri artean, tenerifetarren artean “vox populi” ahoz-aho ibiltzen den pasadizo bat kontatu ziguten. Hemen dago:

Tenerifeko izango zen lehen aireportuaren obrak hasi baino lehen, proiektuaren ingeniari arduradunari bakarrik falta zitzaion aireportuaren kokapena erabakitzea. Irla osoa ondo aztertu ondoren hasi zen leku desegokienak markatzen. Mapa bat hartu zuen eta okerrena gurutze batez markatu zuen: Los Rodeos. Baina arazo bat sortu zen: uztekabean hil egin zen. Bere oinordekoak bulegoko mahai gainean proiektua erabat amaituta eta plano bat kokapen batekin aurkitu zuen. Beraz, aurrera proiektuarekin markatutako kokapenean!

Egia, gezurra, asmakuntza...auskalo! Baina egia da (eta horrela Tenerifeko biztanle guztiek diote, baita estadistikoki baiezta daiteke ere). Los Rodeos –klimatologiaren aldetik, behintzat- irlako tokirik txarrena da.


Los-Rodeos

.

SAREKO HITZAK

jokin 28/03/2009 @ 20:18

Internet eta bere mundua izenak eta hitz berriak sortzeko primerakoa da. Saretik buelta bat ematen baduzu web helbideetan, korreoetan, txat eta foroetan, nicketan, sartzeko pasahitzetan... kontaezinezko hitz bereziak aurki ditzakezu. Harrigarria, benetan!

Adibide bitxi baten gisa: Google-ko bilatzailean edozein hiruzpalau letra tekleatzen badira (uhjo, wedim, heb6t, oiju...) ziur erreferentziak eta euren web orriak eta guztiz ateratzen direla.

Askotan hitz berezi horiek makina batek aleatorioki sortuta izaten dira, baina orokorrean gizakien sormenaren produktoak dira. Ez gara inor nickak edota pasahitzak sortzen!!! (ezagun batek bere e-mailerako Errealeko jokalarien izenak eta kamisetako zenbakiak erabiltzen ditu!)

Normalean, sortutako hitz horiek lagunen edo familiaren artean besterik ez dira ezagutzen, baina beste batzutan inguru hori zeharkatzen dute eta Sarean erabiltzaile guztion bistan geratzen dira. Etxeko WIFIen kasua hain zuzen. Edozein ordenagailu eramagarritik gure inguruko seinaleak har daitezke. Eta hor ere, izendatzeko sormena argi dago.

Bi adibide: Etxetik, bizilagun gazte baten seinalea hartzen dut (babestua, hori bai) eta berak jarritako izenak, Javimetal, pista ematen digu bere zaletasuna zein den jakiteko, ezta?

Bitxiena: Lan egiten dudan eskolaren ondoan Guardia Zibileko Koarteletxea dago eta bertako kantinatik wifi seinalea hartzen da; ez dakit humorez edo maltzurrez, baina PIKO TABERNA  izena jarri diote!

.

BIDERKETAK

jokin 07/03/2009 @ 19:39


Azken urte hauetan eskolan Informatika eta IKTn nabil murgilduta, horregatik ikasleen beste curriculumeko arloak zertxobait baztertuta dauzkat. Baina batzutan, pedagogikoaren kutsua sortzen zait, batez ere zer edo zer bitxia baldin bada: jarraian dagoen bideokoa, esate baterako.

Badakit blogetan aritzen direnak “letrakoak” izaten direla (lehen esaten zen bezala) baina noizbehinka ez dago gaizki “zientziako” zertzelada bat, eta atsegina eta bitxia baldin bada... oso ondo.

Lagun batek bidalitako bideo batean kolon-aurreko Ameriketako antzinako Mayek nola biderketatzen zuten ikusten da.

Hala ere, beste putzuaren aldean erromatarrek bere zenbaki bereziekin nola egiten zuten jakitea gustatuko litzaidake. Nolako izango zen honako hau:

CXXVII  x  XL   (127 x 40) !!!

 

.

KAIO GEHIAGO

jokin 24/01/2009 @ 19:01

Kaioak herrian

Itzuli egin dira. Euren bizilekuetan denboraldi luze bat pasa ondoren, berriro ere Zarauzko teilatuetara itzuli dira. Eta gero eta gehiago dira. Gutxi gora behera, bi mila inguru direla jotzen da. Sortzen dituzten  arazoen gain, teilatuetan habia egiten hastea da herritarren azken kezka, zeren horrela “bertako” bihurtuko bailirateke. Baina, oraingoz, tokiz aldatzen doaz mankomunitateko zabortegira janarien bila joan baino lehen.

Gaviotas-1

Joan den astean kaioak gure eskola aurrean dauden enpresetako teilatuen gain egon dira. Pixkanaka, goiz osoan zehar, biltzen joan dira talde kopurutsua osatu arte, gero bat-batean, denak batera, kaio-saldo handi batean hegalaldia hasteko zabortegirantz.

Eskolan haurrak “euli baten hegaldiarekin” despistatu egiten direla esaten da, bada, pentsa kaio mordo horrekin zer gertatu den!... eta gainera ateratzen duten zaratarekin!

Gaviotas-2

ERREGEEN OPILAKO IRUDITXOAK La Sexta-n

jokin 06/01/2009 @ 20:18


Hipo RoscoUrte bat gehiago. Iruditxo bat gehiago.

Familiaren ohitura betetzen jarraitzen da; bazkariaren amaitzean mahai erdian Erregeen Opila mozten hasi eta...zas! iruditxoa. Aurtengoa, irudian bistan dagoenez, zeramikako hipopotamotxoa.

Nahi izan ezkero, zuek ere telebistan ikusteko aukera izan zenukete, zeren blog mundu honetan jasotzen ditugun ezustekoak holakoa dira batzutan, itzelak!

Azalduko dut: joan zen ostegunean La Sexta-Noticias-tik e-mail bat jaso nuen nire Erregeen opiletako iruditxoen bildumari buruzko informazioa eskatuz beste blog batean horretan idatzita nuela ikusita zuten eta. Larunbatean, urtarrilak 3, berriro ere saiatu ziren nirekin harremanetan jartzen telebistako grabazio ekipo bat bidaltzeko iruditxoen bildumaren irudiak ateratzeko euren albistegian ateratzeko asmoz, edo bestela, beste bildumatzaileren baten bat ezagutu banuen berarekin konektatzeko. Familiarekin kontsultatu eta gero (nire blogekiko frikikeriak hamaika puxtarri igo zituen!) gaia baztertzea erabaki genuen.


lasexta_logo

Beraz, exklusiba blog honetan mantentzen da. Zuentzat bakarrik.

.

APARKATZEKO PROBLEMAK (geometrikoak)

jokin 09/11/2008 @ 19:09

Geometria eta asmo onak elkarren artean ez daukatela ezer ikusterik esatea pellokeri hutsa izan daiteke. Baina agian ez da hainbesterako izango. Bistan dago nire herriko enpresa txiki bateko aparkalekuan: asmo onak bisitariak aparkatzen laguntzeko dagoen aparkaleku txiki horretan, eta Pitagoras-en geometria tematuta angelu eta kurben arteko proportzioak mantentzen. Emaitza, argazkiarena: lurrean margotutako toki bat non, ezta usainik ere, kotxe batek ezin aparka dezan. Agian Einsteinek eta bere tolesdura espazio-tenporalek zeozer egin litezke, baina markatutako tokian  aparkatzeko gorriak ikusi genituzke.

Irtenbidea: kotxea etxean laga eta aipatutako enpresara oinez joan, herrietan distanziarik ez daudela eta, gora hiri-ekologismoa!

Baina ongi pentsatuta, altzairuen lantegia denez... ea nor ausartzen den etxera itzultzen armairu batekin lepoan!

 MicroParking 

Esanak esan (2).

jokin 04/10/2008 @ 17:56

Ikuspuntu bitxia:

"Etorkizuna interesatzen zait nire bizitzaren gainontzekoa pasatuko dudan lekua delako".

(Woody Allen)

.