Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Artxiboa: Urria 2009

H.R. GIGER

jokin 23/10/2009 @ 21:35


HR GIGER Li

Aste honetan, gogokoan dudan artista baten obrak zuzenean ikusteko aukera izan dut: H.R.Giger.
Donostiako Kursaaleko Kubo erakusketa aretoan Giger-en lanen 60. hamarkadatik gaur egun arteko atzera begirakoa dago.
Paradixokoa dirudi arren, artista grafiko hau musikaren bitartez ezagutu nuen, Emerson, Lake & Palmer, rock sinfonikoko talde baten diskarako azala egin baitzuen; handik aurrera bere lanari jarraitu egin diot.
ELP 1
Orokorrean, jendeak zinerako egin zuen lana baten batengatik ezagutzen du, “Alien, zortzigarren bidaiaria” Ridley Scott-en pelikulako kreatura-munstroarengatik hain zuzen ere.


H.R. Giger gainera biomekanika-ren sortzailea da: bizi-ehunak, hezurrrak eta metalak sinbiosean fusionatzen ditu eta, aerografoa erabiliz (maisua da bere erabileran), liluragarriak diren izaki eta mundu fantastikoak sortzen ditu.


Erakusketa Erregeen egunerarte egongo denez, ziur beste behin edo gehiago pasatuko naizela handikan; luxua da Giger-en obrak ikustea, argazki eta liburuetan galtzen diren tono, kolore eta xehetasuak bertan ikusiz.

alien

HEZITZEN

jokin 18/10/2009 @ 18:19

Miguel, bostpasei urte. Gabriela, bi urte t’erdi. Aita, hogeitamagutxi urte. Tokia, merkataritza zentroko taberna-kafetegia.

Aita, Miguel eskutik eta Gabriela besoetan, tabernako makina txanpojalera hurbiltzen da, txanpon bat sartu eta jokatzen hasten da.

“Emaiok, Miguel!”, eta haurrak tekla sakatzen du. Zorte txarra, ez dago saririk.

Aita besoetan daraman neskatxoa makinara heltzeko makurtu egiten da. “Emaion, Gabriela!”, eta neskatilak hurrengo jokaldirako tekla sakatzen du.

“Emaiok, Miguel!”, eta mutilak berriro sakatzen du. Saririk gabe jarraitzen dute. Berriro makurtuz, “Emaion, Gabriela!”. Txanponjaleak tinko jarraitzen du. “Emaiok, Miguel!”, hurrengo jokaldia. “Itxoin, Miguel!”, makinaren argiak keinuka hasten dira bonusak, abanzeak edo auskalo zertan. “Emaiok, Miguel!”. Txanpon bat erori egin da sari-kutxatxora. Hurrengoa, “Emaion, Gabriela!”, “Emaiok, Miguel!”, “Emaiok, Miguel!, “Emaion, Gabriela!”...

Eta horrela behin eta berriz txanponaren kreditoa agortu arte. Beste txanpon berri bat bota eta jokatzera zikloa errepikatuz. Bost minutu pasa dira, eta bitartean dozena bat baino gehiago aldiz haurrak makinan apostatzen, jokatzen, tekla sakatzen egon dira. Familiaren irudi polita!

Gero kexatuko gara: gazteak eta alkohola, tabakoa, indarkeriak, ludopatiak... Haurrek ikusten dutena ikasten dute, baina hobeto ikasten dute irakasten bazaie.

“Emaiok, Miguel!, “Emaion, Gabriela!



tragaperras

.

USAINAK ETA HIZTEGIA

jokin 11/10/2009 @ 19:28

Gure buruan aspaldian gordeta zeuden uneak berpiztuz, antzinako oroitzapenak gordetzen dituen kutxako tapa ireki dezaketeen usainak badaude.

Nire kasuan, usainik oroitarazleetarikoenen bat galipotarena da. Nire herrira, Errenderira, 60garren hamarkadaren hasierara eramaten nau. Garai hartan errepideetako asfaltatze lanak guretzako, ume mukizuentzako, izugarriak eta harrigarriak ziren. Usainak, soinuak, irudiak... dena berria zen eta gainera zerbait berezia esperimentatzeko (ai!, zenbat zapatila eta arropa beltzez zikinduta; zenbat amaren errietak!)

Gainera gure haur-hiztegian eragina zuten: “jenerala” hitza N-1 Madrid-Irún errepidea adierazteko, edota  gure inguruneko hizkuntza desberdinen nahasketa bat egina (erdera-euskera-frantsesa) “galipot”  edo “zanpakaminoak”  hitzek erabilera anitza zeukaten gure artean.

Gaur egun ere, noizbait, turista despistatu batek ondartzaz edo Arguiñanoz galdetzen didanean, “jenerala” hitza ateratzen zait Zarautzetik pasa den N-634 errepide nagusia adierazteko.

A, eta Zarautzen egun, lorategi batean, apainketa moduan, “zanpakaminos” bat dadugu. Beitu argazkia!

 

Zampacaminos

.

.

GOZAMENAK 2.0

jokin 04/10/2009 @ 18:44

Internet 2.0 kontzeptupean dagoen filosofiaz Sarean parte hartzen dugun asko gara, hots, Internetek eskeintzen dituen baliabide guztiak erabiltzea inguru partehartzaile eta kolaboratzaile baterantz zuzenduta.

Sareko onurak eta abantailak soilik erabiltzen dutenen gain, badago beste erabiltzaile talde bat: “edukin sortzaileak” deritzonak; hauek euren blog, fotolog, wiki, eta abarren bitartez Sarean ekarpen berriak  sortzen dituzte. Neuk azken horien artean nire burua jotzen dut.

Batzutan, gure “lan sortzaileak” iruzkinetan, esteketan, aipamenetan... direla medio haintzat hartzen dira eta poz handiz hartzen dugu (nik behintzat!)

Adibidea: Nire fotologeko eskulturei buruzko Flickr-en neuzkan argazkiak Zarauzko web orri berri batean erabilita ikustea.

Web orria nolakoa den, edota argazkiak non dauden, edo zehaztasun gehiago ematea baino, hobe da web orrian sartzea eta nabigatzea.

Gainera datorren asteburuan hiru egun jai izanik, agian norbait animatzen da, eta zer aurki dezakeen ikusita, hona dator gu bisitatzera.

Web-eko helbidea eta kaptura estekarekin behean daude.

 



GureZarautz eusk

 

http://www.gurezarautz.net/kultura_eta_natura

.