KONTZERTU HANDIAK ETA TXIKIAK
E-mail bat jaso nuen esanez KORN taldearen kontzerturako erosita nuen sarrera Donostiko Anoetako Polikiroldegitik Oiartzungo Itzela diskotekara pasatzen zela. “Jo!, -pentsatu nuen- diskoteta batean! Sarrera gutxi saldu diren seinalea. Lau katu besterik ez gara egongo. Gainera, agur kiroldegiko gradeetako eserlekuen erosotasunari, zutik eta izerdi patsetan jendetzaren artean”.
Ia, ia kontzertura joateko gogoak kendu zitzaizkidan; sarreraren 44 €-ei uko egitekotan egon nintzen... baina joan egin nintzen eta ez naiz damutu.
Diskotekako aretoan, duela pare bat aste DVD-n ikusi nuen 2007an Alemanian 20.000 lagunen aurrean emandako KORN-en Rock Am Ring kontzertua gogoratuz, herri bateko diskoteka batean sartuta ehun gutxi batzuren aurrean musikari berberek zer pentsa zezaketeen nire buruari galdetu nion.
Ez dakit zer pentsatuko zuketeen baina bai zer egin zuten: kontzertu oso ona eman, euren abestiak zuzen joz eta oso animatuak euren zaleekin. Agian kontzertua, niretzako, nahiko motza izan zen (70-75 minutu, errepikapenak barne), baina soinu oso on batekin. Gainera, espero nituen deserosotasunik gabe; are gehiago, musikariak gertu-gertutik ikusirik.
Batzutan gauzak ondo ateratzen dira, artista “handien” kontzertu “txikian” izan arren.
.



Zabaldu
del.icio.us






