“Ezusteko anplifikatutako hitzaren hotsak ikaraldia sortuz mugiarazi egin zion. Antzinako Oroitzapenen Kudatzailea altxatu zen eta, oraindik erdi leloturik arestian hitzaren hotsarengatik, bere atzealdean zegoen artxibo itzel eta zabalerantz abiatu zen. Ez zegoen oso argia; zertarako, oso gutxitan erabiltzen zen eta. Ezkerretara jo zituen bere pausuak Egileak bere bizitzaren zehar sortutako fitxak gordetzen ziren kajoiez betetako apalategietaruntz. Momentu hartan interesatzen zitzaion fitxa jadanik bistan zegoen behekaldeko irekitako kajoi batetik erdi aterata. Kontu handiz behatzen artean hartu zuen fitxa eta, presarik gabe, bere lanpostuko mahaira itzuli zen. Kudeatzaileak zirrikituan sartu zuen eta, Egilearen sare neuronala zeharkatuko lukeen inpultsu elektriko berri batek deskargatzen zuen botoia sakatu zuen.”
Bitxia da. Noiz edo noiz, hitzeren batek sortarazi egiten dizkigu ahantzirik geneuzkan sentimendu, oroitzapen edo emozioak. Lehengo egunean zerbait antzekoa gertatu zitzaidan. Perez Reverte-ren “El pintor de batallas” irakurtzen ari nintzela, protagonista kontatzen zuen narrazioaren artean hitz bat agertu zen, zeinek astindu egin ninduen era desberdinez ekinaraziz. Alde batera liburua utzirik, une hartan sortzen ari zen efektuari bueltaka hasi nintzen.
Alde batetik, nigan gertatzen ari zena idatzita azaltzeko premia sortu zitzaidan eta horrela, mikro-idazkia itzuraz emanez, goiko sarrera egin nuen.
Bestaldetik, nire barneko oroitzepenetara bultzatuta ikusi nuen nire burua. Iraganaruntz. Eta dena hitz sume batengatik: “ipurtargiak”.
Denok ezagutzen ditugu: iluntasunean argia sortzeko ahalmena duten intsektuak. Ezagutu bai, baina, benetan ikusi? Neuk behin bakarrik neure bizitzan. Eta ez naiz kaletar hutsa.
Duela hogeitapiko urte izan zen hain zuzen ere, Zarautzera bizitzera etorri berria nintzelarik. Garai hartan nire etxe aurrean, egun auzo berri handi bat, kale zabala eta aparkalekua dauden tokian baserri pare bat eta lursail zabala zegoen, noiz baratze noiz larre bihurturik. Etxe pare-perean bazegoen ere erreka bat (aspaldian padura zegoen oroigarri) eta bere inguruko kainabera, zume eta sasien artean batzutan ikus zitezkeen animaliak: paseko hegaztiak, denboraldikoak, arrain batzuk, txitxiburduntziak, igelak (hauek ikusi baino, entzun egiten ziren), tximeletak..., eta behin, ipurtargiak.
Egia esan, ez zen behin bakarrik izan, baizik eta udako hiruzpalau gau beroetan jarraian. Ipurtargi haietako pare bat etxeko balkoian pausatu ziren ere gertu-gertutik ikusteko aukera emanez. Gero desagertu egin ziren. Ez dakit zergatik, agian euren bizi-zikloarengatik, eguraldiaren aldaketarengatik…auskalo!
Ez dut inoiz gehiago ipurtargirik ikusi.
.



Zabaldu
del.icio.us








