Hozbera ez izan arren, azkenean ordua iritsi zait. Gaia atzeratzen egon naiz, baina neguhotz honetan amore eman behar izan dut eta txapela jantzi.
Goikaldetik ilea hasi da mehatzen eta buruko azalak denboraldiko tenperatura bajuak nabarmen sentitzen ditu. Beraz, txapela janztera!
Joan zer urtetik bat erosita neukan, oraindik erabili gabe baina, eta gainera Olentzerok beste bat ekarri dit, horregatik hemendik aurrera, hotza egiten duen bitartean, nire neguko look berria apain jantziaz ibiliko naiz.
Ziur aski “Mujer Hoy” izeneko aldizkariaren maketatzailea dena (testuakzutabeetan, irudiak, argazkiak, iragarkiak..) ondo kokatzen kezkatuta zegoen. Horregatik, agian argitaratutako artikuluaren eta jarraitzen zion lurrinaren iragargiaren arteko kontraste itzelaz ez zen ohartu.
Beharbada iragarkia kotxe edota banku batena izan balitz, nigan sortu zen harridura txikiagoa izan litzatekeen, baina...
Iragarki eta artikuluaren argazkien arteko aldea ikus daiteke hemen bertan. Beheago artikulua itzuli egin dut.
“EZKONGAIA IRRIBERA DOA”
(Egilea: Silvia Fernández)
Ia emakume guztientzat bere ezkontzaren eguna bere bizitzako egunik zoriontsuena dela diote. Agian horrela izango da soilik 13 urte baino gehiago bete dituenentzat.
Ibiltzen, mintzatzen edo jaten ikasi baino lehen, Solie Ene Martinek senarra izendatuta zeukan. Jaio baino lehen ere bere bizitza nolakoa izango zen erabakita zegoen. Soile masai bat da. Bera amak etxola batean bakar bakarrik erditu zuen. Bere aitak, tradizioari jarraituz, ez zuen ezagutu bere jaiotzako hamargarren eguna arte. Beharbada orduan izan zen herrixkako agure batek bedeinkatzeko buruan txistua bota zion eguna. Ez dakigu noiz agortu zitzaion zorte hori. Agian oraindik bere etniako emakumeren erdiak jasaten duen ablaziotik ezin zuen ihes egin egunean, nahiz eta Kenian jarduera hori debekatuta egon. Edo agian bere zorte ona desagertu zen aitak bera baino 17 urte zaharrago zen senargaia aukeratu zuen egunean. Eta gaur negarrez dago bere ezkontza-egunean. Bere haurtzaroa pasatu duen etxetik irtetzerakoan ezin izango du atzera begira, bestela masai jainkoak harri bihurtuko du. Bere familia berriaren bizilekuan, bere ahaide berriek irainez eta simaurrarekin hartuko dute bere izaera sendotzeko. Gero, ahuntz jakia senarrarekin konpartituko du konpromisoa sinatzeko. Bere senarrak Simintei Ole Saipiri du izena. Soile ez da bere emazte bakarra ezta lehenengoa ere. Berarekin seme-alabak eduki nahi ditu. Soilek txabola batean bakar bakarrik erdituko dituen seme-alabak.
Roger Dean ilustratzaile handiaren miresleak (neu barne) txundituta eta harrituta daude, baita moskeatuta ere,James Cameron-en azken pelikulan, “AVATAR”-en hain zuzen ere, kreditoen artean ez baita bere izena agertzen.
Kontutan hartzen bada Roger Dean-ek bere marrazki eta irudietan sortutako munduak (mendi flotagarriak, arkuak, zuhaitzak, bide esekiak, dragoiak…) Pandora planetan dauden, “AVATAR”-en eszenatoki bihurturik, ezin da ulertu holako “ahaztu izana”
“AVATAR” pelikula dagokionez, bere gidoiaren planteamendua ez da oso berria zinean askotan gai antzekoak landu direlako (“Bailando con lobos” eta “Pocahontas”-en esaterako): protagonista planetako giza-basatien alde jartzen da eta, bertako beste bat bihurturik, menperatu nahi dutenen aurka borroka egingo du.
Benetan harrigarria dena eszenografia da, Pandora planeta, eta batez ere erabilitako teknologi berriak hiru dimentsiotan, 3D-n, filmatzeko. Horretarako James Cameron urte asko zain egon da unea iritsi arte, berak aitortu duen bezala.
Labur esanda, eta nire emaztearen hitzetan, “ze pelikula ederra!, liluratu egin nau!”. Ikusgarria benetan, di-da pasatzen zaizu, konturatu nahi duzunerako amaitu egin da nahiz eta bi ordu t’erdi pasatxo iraun.
Sarrerak garestiagoak izan arren, “AVATAR” 3D-ko zinema aretoan ikusi egin behar da Roger Dean-ek sortutako munduaz gozatzeko James Cameron-en eskutik.
(*) Post honetako Roger Dean-en irudiak eta “AVATAR”-eko Pandora bideoa konparatu daitezke euren arteko antza dagoen ala ez ikusteko.
Kanpai-danbadekin batera mahats aleak jandak geneuzkan, beraz minutu bat besterik ez zen pasa eta urte berria ospatzeko kaba botilatxoa prest genuela, orduan … Sorpresa!!!
“Eta alanbretxoa?, nola demontre irekitzen da hau?, baina…HARIZTATUA!” Kaba botila bateko tapoia hariztatua!!! Harrigarria!
Tapoiaren itxura kortxoarena izan ere, non geratzen da “plop”hori,botila irekitzerakoan sorteen den soinu alai, bat-batekoa, jai giroko hori?
Kabak ona izaten jarraituko du, baina oraingo “fisss” horrek, topa egitera baino, dadirudi ardoa edatera besterik ez gaituela bultzatuko.
Kaba botilak irekitzeko tapoia hariztatua askoz errazago izango da, baina
Gabonzaharra, abenduak 31, gaur “Ilargi Urdina” daukagu.
Gaua oskarbia bada, oso gutxitan ikusten den fenomenoaz gozatzeko aukera izango dugu: ilargi betea ikustea, baina berezia, “Ilargi Urdina”.
Horrela deitzen baitzaio hilabete berean ateratzen den bigarren ilargi beteari. Ilargi bete batetik bestera 29,5 eguneko epea denez, oso-oso arraroa ez izan arren, ez da gertakizun ohizkoa. Hori dela eta, “Ilargi Urdina” izateko bi urte t’erdi pasa behar da gutxi gora behera, beraz ulergarria da ingelerazko esaera zaharra “One in the Blue Moon” (Ilargi Urdinaren behin, “de pascuas a Ramos” erderaz)
Ezin badugu gaur ikusi (eta gaurko eguraldiarekin larri ibiliko gara) jakin hurrengo “Ilargi Urdina” 2012ko abuztuan izango dela, eta hurrengoa 2015eko uztailan.
(Diario Vasco-n argitaratutako Félix Ares-en “Blue Moon/Luna Azul” artikulutik lortutako informazioa)
Aurten ere Gabonetako Loteriako partaidetzak banatzen jarraitzen dut. Beraz, behean ikusten den dezimoan “el Gordo”-a tokatzen bada, blogaren sarrera honetan iruzkin bat uzten dutenentzat “saritxoa” badago.
Animo!, epea abenduaren 21a arte irekita egondo da!
70 hamarkadeko GENESIS-en ikuskizun musikaletan espezializatuta, “The Musical Box” musika talde kanadiarra Donostiko Kursaalean hirugarren aldiz egon da.
Oraingo honetan, GENESIS Peter Gabriel-ik gabe geratu zeneko Phil Collins-ek eginiko lehenengo birako kontzertua, “A Trick Of The Tail” hain zuzen, jo dute.
Emaitza, beste aurreko bi aldietan bezala, oso ona iza da. Musikarien trebetasuna abestiak notaz nota jotzen izugarria da; horrez gain, jatorrizko eszenatokia, diapositibak, proiekzioak, musika tresnak, argiak eta laserrak, jantziak... dena kontutan hartzen badugu “A Trick Of The Tail”denborako bidaia izan da ile urdinak orrazten baita GENESIS-en musika gustokoa ditugunentzat ere.
“The Musical Box”-en laugarren baten zain geratzen gara. Han egongo gara eta!
Ikuskizun harrigarria izango dela inork ez du zalantzan jartzen, baina hamar hilabete falta dira Donostian U2-ren “360º Tour”-eko kontzertua izateko (2010ko irailaren 26an, hain zuzen ere) eta, jadanik, bi ordutan, sarreren % 80asalduta dago, 35.000 sarrera inguru.
Nik pare bat lortu dut. Ea ez da ezer gertartzen eta denak, musikariak barne, kontzerturaino iristen garen.
Kontzertuarenak horrela jarraituz gero, batek daki non bukatuko garen: urte batzuk aldez aurretik sarrerak erosten edo…auskalo! Ikusiko dugu!